martes, 6 de marzo de 2007

EUROPAKO ERREFERENTZIA MARKO BATERATUA

Antton Peñalba

Gaitasun-mailak: B1, B2, C1

Mende berriak berrikuntza ugari ekarri ditu eta horien artean Europako haize berriak ekarri dizkigu hizkuntza irakasten dihardugun profesionaloi. Ohi den bezala, haize berri horiek hots eta soinu berriak ekarri dituzte eta, beste behin ere, hartaratu beharra egokitu zaigu, dantza berrietara moldatu beharra, hizkuntzen irakaste/ikaste-zereginetan murgildurik gabiltzanoi: ikasleei, irakasleoi, kurrikulugileei, azterketagileei, testugileei, azterketa-erakundeei...

Azken aldi honetan hamaika aldiz entzun dugun Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) heldu zaigu guztion eskuetara, eta horren soinuan jardun beharko dugu denok aurrerantzean.

Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) Europan, eta atzerriko hizkuntzen ikaraskuntzan batez ere, 1971 ezkero egindako ikerketa-lanen fruitua dugu, urteetan ereindako haziak emandako uzta oparoa, hiru hamarkada luzeetan jardunbide komunikatiboen ildotik egindako hamaika esperientzietatik ateratako ondorioen bilduma.

Aurrerantzean, hizkuntzak ikasi eta irakasteko eta ikaste-prozesu horiek ebaluatzeko orduan bultzatuko diren ekimen guztien iturburuan izango dugu Marko Bateratua. Bateratua diot, izan ere, erreferentzia bakarra izango da Europako hizkuntza guztientzat, bai ikas-prozesuetan helburuak eta edukiak finkatzeko orduan bai helburu horiek neurtu eta gaitasun agiriak aitortzeko orduan. Eta horrek, hizkuntza guztietan bateratsu ibiltze horrek, gardentasuna, bermea eta babesa ekarriko digu hizkuntza-irakaste zereginetan gabiltzanoi.

Hausnarketarako gonbitea egiten digu Markoak: hizkuntzei buruzko hausnarketa egiteko gonbitea; hizkuntzak ikasteko egiten den bide luze eta korapilatsuari buruz gogoeta egiteko gonbitea; ikaste-bide horretan garatu behar diren gaitasunak eta sustatu behar diren estrategiak gogoan hartzeko gonbitea; erabiltzaile batek hizkuntzan duen gaitasuna neurtzeko, ebaluatzeko, erabili behar diren bitartekoei buruz jarduteko gonbitea. Labur esanda, hizkuntzak irakaste-lanetan urteetan egin dugun lana soinu berrietara egokitzeko gonbitea egiten digu Markoak.

Markoak eskaintzen digun gonbite-gai zabal horretatik ebaluazioa ekarri nahi dut nik guztion gogora; izan ere, gaitasun-mailak finkatu behar horrek zeresan ugari emango digu datozen urteetan (Hezkuntzan eskolaldi bakoitzaren bukaeran ikasleei zein gaitasun-maila eskatuko zaien, HEOetako kurrikulu berrian zer maila finkatu behar diren...).

Zer dio Markoak gaitasun-mailei buruz? Zenbat maila finkatu ditu? Zer nolako gaitasun-maila eskatzen du maila bakoitzean ? Zertarako gai behar du hizkuntza-erabiltzaileak Markoak finkatu dituen maila bakoitzean ?

Ezer baino lehen, adierazi behar da Markoak proposatzen dituen Erreferentzia maila bateratuak praktikan bat datozela Europan 80.eko hamarkadatik aurrera ikaste-prozesuak antolatzeko indarrean izan diren mailekin: Hasierako maila (Breakthrough), Tarteko maila (Waystage), Atalase maila (Theshold), Maila aurreratua (Vantage), Gaitasun operatibo eraginkorra (Effective Operational Proficiency) eta Menderatze-maila (Maestry). Markoak hiru maila nagusi finkatzen ditu A maila, Oinarrizko erabiltzailea ; B maila, Erabiltzaile independentea ; eta C maila, Erabiltzaile gaitua. Eta maila bakoitzean enbor nagusi baten adarrak bailiran, bi azpimaila zehazten ditu.

A

Oinarrizko erabiltzailea


B

Erabiltzaile independentea

C

Erabiltzaile gaitua

A1

Hasierakoa

A2

Tartekoa

B1

Atalase

B2

Aurreratua

C1

Gaitasun operatibo eraginkorra

C2

Menderatze-maila







Zer esan nahi du Oinarrizko erabiltzailea izateak? Eta Erabiltzaile independentea? Eta gaitua?

Hamaika zehaztapen egin litezke mailak definitzeko, izan ere, Markoa aberatsa da oso mailaz maila erabilera-esparruak, hizkuntza-jarduerak, komunikazio-gaitasunak, estrategiak, hizkuntza-gaitasuna... finkatzeko orduan. Ekarpen honen helburua , hegazkinetik ateratako argazkiak nola, Markoak definitzen dituen Erreferentzia maila bateratuei argazkia ateratzea da, bakoitzaren ezaugarri nagusiak eman eta elkarren arteko aldea argitzen ahalegintzea, alegia.

Ikus ditzagun zein maila finkatzen dituen Europako Erreferentzia Marko Bateratuak.

A1. Oinarrizko erabiltzailea. Hasierako maila

Maila honetako erabiltzailea gai da bere buruari, bizitokiari, ezagutzen duen jendeari, dauzkan gauzei buruzko galdera errazei erantzuteko, eta gai da familiako gaiei buruz edo berehalako premien arloei buruzko adierazpen errazak egiten hasi eta jarraitzeko, aurrez prestatutako eta lexikoaren arabera antolatutako egoera espezifikoetarako esaldi-multzo batean soilik oinarritu gabe. Maila honetako erabiltzaileak, beraz oso-oso esparru pertsonaleko, pribatuko, eta gertuko oinarri-oinarrizko komunikazio-egoerei egin diezaieke aurre. Oso esaldi sinpleak eta bakunak erabiliko ditu, askotan esaldi funtzional ikasiak.

Esaten da maila hau duen erabiltzailearekin jarduteko borondate ikaragarria behar dela. Bizkaiko atsotitz batek oso ondo laburtuko luke maila honetan dagoen erabiltzailearen gaitasuna “ Hau da nire mina, esan nahi eta ezina”. Bada esaten duenik maila honek ez duela komunikazio-gaitasunik erakusten eta gehiago dela ikaste-prozesuaren hasiera, eman beharreko lehenengo urratsa hizkuntza erabiltzeko gaitasuna aitortzen duen maila baino.

A2.- Oinarrizko erabiltzailea. Tarteko maila

Zenbaitek dio xede den hizkuntza horretan “biziraun” ahal izateko maila dela hau. Komunikazio mailaren atariko estadiumaren aurreko estadiuma da. Maila horretako erabiltzaileak gizarte-harremanetan bete behar diren oinarrizko funtzioak betetzeko gaitasuna du. Gai da, adibidez: agurtzeko eta jendeari hitz egiteko adeitasunezko formak erabiltzeko; jendeari ongi etorria emateko formak erabiltzeko; zer moduz dauden galdetzeko eta berrien aurrean erreakzioa adierazteko; lanean eta denbora librean egiten duenari buruzko galderak erantzuteko; eguneroko jarduna kontatzeko, gonbitea egin eta gonbiteei erantzuteko; zer egin, nora joan eta nola elkartu adierazteko, planak egiteko; eskaintzak egiteko eta eskaintzak onartzeko. Gai da , halaber, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko. Esate baterako: dendetan, postetxean edo bankuan truke errazak egiteko; garraioari –autobusei, trenei eta taxiei– buruzko informazio bakuna lortzeko; oinarrizko informazioa eskatzeko, helbideak emateko eta txartelak eskuratzeko; eguneroko ondasunak eta zerbitzuak eskatzeko eta emateko.

Gai da truke errazak egiteko, betiere solaskideak laguntzen badio, oso mantso hitz egin eta gauzak behin eta berriro errepikatzen badizkio, alegia. Denok izan gara noizbait atzerrian bertako hizkuntzan moldatuko ginelakoan. Hoteleko helbidea eskuan, han abiatu gara, autoa bazterrean utzita, hotelera joateko bidea galdetzera. Ondo pentsatu, buelta batzuk eman esan behar dugunari, birpentsatu nola esan, galdera ondo-ondo pentsatu eta egin diogu galdera bertako hiztunari. Hotela gertu badago, hau da, hurrengo biribilgunea pasa eta ezkerretara, edo handik gertu, hurrengo etxe-sailean, eskerrak eman eta han joango gara pozarren. Hotela urritiago badago, ordea, handik etxe-sail batzuetara, bizpahiru biribilguneri buelta eman eta zubiren bat zeharkatu ondoren, orduantxe komeriak! "Bai, bai" esan, solaskideak muturra zimurtzen duela ohartzen bagara, ezetz esan eta hantxe joango gara hurrengo bati ezer galdetzeko asmo handirik gabe. Maila horretako erabiltzailea, gai bai, baina... Zertarako gai? Borondatea bai, elkarrizketari hasiera emateko gai bada, baina solaskidearekiko menpekotasun handi duen erabiltzailea dugu. Biziraun bai, baina estuasun dezente pasatuta.

B1 Erabiltzaile independentea. Atalase maila

Maila hau bisitariak atzerriko herrialde batera joateko behar duen mailari dagokio, eta bi ezaugarri nagusi ditu.
.- Lehenengo ezaugarria da zenbait egoeratan harremanak izateko eta nahi duena lortzeko gaitasuna izatea . Adibidez, maila hau duen erabiltzaileak inguruan entzuten duen eztabaida zabal baten ildo nagusiei jarraituko die, baldin eta eztabaida hori hizkera estandarrean eta argi ahoskatua bada; lagunarteko elkarrizketa informaletan norberaren ikuspegia eta iritzia adieraziko du; ulertarazi nahi duen ideia nagusia adierazteko gauza izango da; zer nahi duen oro har azaltzeko hizkuntza sinplea malgutasunez erabiliko du; elkarrizketan edo eztabaidan aritzeko gai izango da, tarteka berak zer esan nahi duen zehazki ulertzea zaila izan badaiteke ere; esan nahi duena ulertaraziko dio solaskideari, nahiz eta nabarmena izan etenak egiten dituela bere hitzaldiko gramatika eta lexikoa antolatzeko eta akatsak zuzentzeko, batez ere ekoizpen libreko tarte luzeetan.

.- Bigarren ezaugarria eguneroko bizitzako arazoei aurre egiteko malgutasunez jokatzeko gaitasuna da. Maila honetako hiztuna, adibidez, garraio publikoan oso arruntak ez diren egoerei aurre egiteko gai izango da; bidaia-agenteekin bidaiak prestatzean edo bidaia egitean egoera gehienetan ongi moldatuko da; elkarrizketa arruntetan bat-batean sartuko da, aldez aurretik hitzaldia prestatu gabe ere; kexatzeko gai izango da; elkarrizketa/kontsultetan (adibidez gai berri bati heltzean) aurrea hartuko du, nahiz eta elkarrizketa egiten duenarekiko oso lotuta egon; norbaiti esan duena argitzeko edo lantzeko eskatzeko gai izango da.

Esan liteke maila hau duen erabiltzailea, estuasunak gorabehera, gai dela xede hizkuntza duen herrian bizitzeko. Oporretara joan eta bizirik irauteko: munduan zer gertatzen den jakiteko, beharrezko dituen zerbitzuak bereganatzeko, bidaian izan daitezkeen gorabehera arruntetan moldatzeko... Esan genezake hau litzatekeela hizkuntza batean bizi ahal izateko maila eragingarri txikiena, erabiltzaile beregainaren ataria, alegia.

B2 maila. Erabiltzaile independente aurreratua

Maila hau, erabiltzaile independente aurreratuaren maila, erabiltzaile beregainaren maila da.

Maila honetako erabiltzaileak bere ikaste-prozesuan aurrera egin du eta une honetan norabait heldu dela sentitzen du. Nor dela ikusten du eta bestelako begiekin begiratzen du ingurura. Nola edo hala moldatzeko baino gaituago ikusten du bere burua. Etengabe babestua sentitzetik, babesa emateko gai ikusten du bere burua; gaizkiulertuak etengabe sortaraztetik, gaizkiulertuak argitzeko gai; etengabe zuzendua izatetik, zuzentzaile izatera. Lehenengo aldiz sentituko du xede-hizkuntzan erosotasunez bizitzeko gaitasuna: gai anitzi buruz jarduteko gaitasuna, hedabideak ia batere arazorik gabe erabiltzeko gaitasuna, esan gabe esaten diren gauza asko eta asko ulertzeko gaitasuna, bere inguruko errealitatetik abstrakziorako lehenengo urratsa emateko gaitasuna...

Adibidez, maila honen beheko aldean argudio eraginkorra da nagusi. Komunikazio-maila hau eskuratu duen erabiltzaileak eztabaidetan bere iritziari buruzko azalpenak emango ditu eta hari eutsi, azalpen, argudio eta iruzkin egokien bidez; gai jakin bati buruzko ikuspegia azaltzeko gai izango da, aukera bakoitzaren abantailak eta eragozpenak adieraziz; argudio arrazoituen katea osatuko du; argudio bat garatzeko gauza izango da, ikuspegi jakin baten alde edo kontra eginez; arazo bat azaldu eta negoziazioan parte hartzen ari den beste partearekin jardungo du adostasuna bilatzeko; arrazoiei, ondorioei eta egoera hipotetikoei buruz espekulatzeko gai izango da; gai arruntei buruzko eztabaida informaletan parte hartuko du, era aktiboan, iruzkinak eginez, bere iritzia garbi azalduz, proposatutako alternatibak ebaluatuz, eta hipotesiak egin eta haiei erantzunez. Bestalde, maila honetan aurrera egin ahala, beste bi ardatz ere agertuko dira.

.- Lehena, gizarteko diskurtsoan nola edo hala moldatzeko baino gehiagorako gai izatea da. Adibidez: elkarrizketan naturalki, jariotasunez eta eraginkortasunez jarduteko gai izatea; inguru zaratatsuan ere ahozko hizkuntza estandarrean zer esaten den xehetasunez ulertzeko; elkarrizketa abiatzeko, egoki denean hitza hartzeko, eta, hala behar denean, elkarrizketa eteteko, nahiz eta batzuetan ez izan oso dotorea; esaera eginak erabiltzeko (adibidez, "Ez da erraza galdera horri erantzuten"), denbora hartzeko eta esan beharrekoa formulatu bitartean, hitz egiteko txandari eusteko; jariotasunez eta bat-batean aritzeko, jatorrizko hiztunekin presiorik edo ahalegin handirik gabe harremana izateko moduan; elkarrizketan gertatzen diren norabide, estilo eta enfasi aldaketetara egokitzeko; jatorrizko hiztunekin harremana edukitzeko, nahi gabe haiei barre eragin gabe edo haiek gogaitu eta jatorrizko beste hiztun batekin ez bezala aritzera behartu gabe.

.- Bigarren ardatza, hizkuntzaren jabetzaren maila berria da. Gai izango da: akatsak zuzentzeko, akats horiek gaizki ulertua sortu badute; akatsez edo hutsegiteez ohartuz gero, akats edo hutsegite horiek zuzentzeko; zer esan eta nola esan prestatzeko, hartzailearengan izango duen eragina kontuan harturik.

Esan liteke hau dela atzerriko hizkuntzan normaltasunez eta zailtasunik gabe bizi ahal izateko komunikazio-gaitasun maila eta lanbide askotan, berariazko erabilerarik eskatzen ez duten lanbide askotan, eskatzen den gaitasun-maila.

C1 Erabiltzaile gaitua. Gaitasun operatibo eraginkorra

Maila honen ezaugarri nagusia diskurtso-sail zabal bat erabiltzeko gaitasuna da, jariotasuna eta bat-bateko komunikazioa bideratzeko aukera ematen duen diskurtsoa osatzeko gaitasuna, gertuko errealitatetik harantzagoko gaiez aritzeko gaitasuna, arrazonamenduak eta ideia-mailako argudioak emateko gaitasuna.

Maila horrek aitortzen duen gaitasuna duen erabiltzailea ondokoetarako gai da. Gauzak jariotasunez eta bat-batekotasunez, eta are ahalegin handirik egin gabe, adierazteko. Hiztegi-errepertorio zabala eta txukuna du, eta horrek hutsuneak itzulinguruak eginez betetzeko aukera ematen dio. Ez du ahalegin nabarmenik egin beharrik esamoldeak edo saiheste-estrategiak bilatzeko; kontzeptu mailan jarduteko eta bere ezagutza-esparruko ez diren kontzeptu zailekiko gaiei buruzko jardunean bakarrik izango du hizkuntzaren berezko jarioari eusteko zailtasuna.

Diskurtso-trebetasunek ere garrantzi handia dute C1 mailan. Adibidez: gai da diskurtso-funtzioen errepertorioan, bere iruzkinak egitean, esamolde egokia aukeratzeko eta entzuleen arreta erakartzeko, denbora irabazteko edo gogoeta egiten duen bitartean arreta erakartzen jarraitzeko. Diskurtso argia, ongi egituratua eta zalantzarik gabea eratzen du, eta ondo menderatzen du egituren, lokailuen eta kohesio osagaien erabilera.

Hau litzateke jatorrizko hiztun eskolatuaren, erdi-mailako eskola duen jatorrizko hiztunaren maila. Atzerriko zenbait herrialdetan komunikazio-maila hau eskatzen zaie atzerriko ikasleei bertako unibertsitatean ikasi ahal izateko.

C2 Erabiltzaile gaitua:menderatze-maila

Menderatze-maila deitua, ez da ama-hizkuntza duen hiztunaren gaitasuna edo horren hurbileko gaitasuna berdintzeko xedeaz sortua. Maila honen helburua goi-mailako ikasleen diskurtsoan aurkituko den hizkuntz zehaztasuna, egokitasuna eta erabilera-erraztasuna ezaugarritzea da. Maila honetan honako deskribatzaile hauek neurtzen dira: esanahiaren ñabardura txikiak aditzera ematen ditu zehaztasun handiz, modalizatzaileak erabiliz; aski esapide eta lagunarteko esamolde dakizki, eta esanahiaren ñabardurak bereizten ditu; solaskidea ez ohartzeko moduan saihesten ditu zailtasunak eta birformulatzen du esan nahi duena.

Maila hau duen erabiltzaileak kontzeptuen munduan jarduteko gaitasun handia izango du eta adierazteaz gain, nola adierazteari ere berebiziko garrantzia emango dio. Gai izango da adierazpide laua alboratu eta bere adierazpideari behar adina ñabardura ezartzeko, hizkuntza erpinduna erabiltzeko, ironia orain, metafora gero, konparazioak... Adierazteaz gain, gai izango da maisutasunez aritzeko eta solaskideei eragiteko, hizkuntza pertsuasiorako bide gisara erabiltzeko.

“Ezina eta mina” adierazi behar duen erabiltzailea dugu mutur batean. Totelka, kiskun-kaskun, tupustean, bere inguru gertuko eta erabilera pribatuko gaiei buruz ikasitako esapide eginez bakarrik jardun lezakeena; eta bestean, hizkuntza pertsuasio-tresnatzat hartuta, baliabide poetikoak erabilita, abstrakzioaren goi mailan jardun eta entzuleak lilura litzakeen erabiltzailea. Eta tartean gaitasun ezberdina erakusten duten mailak.

Azaldu ditugu , azaletik bada ere, maila bakoitzaren ezaugarriak. Ikus dezagun orain zein diren elkarren arteko aldeak. Horretarako B1, B2 eta C1 mailak hartu ditugu eta ondoko koadroetan elkarren artean dagoen aldea azalduko dugu.


B1

B2

C1

Arloak eta gaiak

Batez ere arlo pertsonaleko eta publikoko gai ezagunak:bere burua, familia, etxea, gustuak eta ohiturak, bidaiak, festak, kirolak...

Neurri txikiagoan lan eta hezkuntza arlokoak, baina, betiere, gertukoak eta ezagunak.

Arlo publikoko, lan-arloko eta hezkuntza- arloko gaiak: ingurumena, aisia, giza harremanak, osasuna, komunikazioa... Eguneroko albistegietako gaiak eta gaurkotasun handiko artikulu eta erreportajeak.

Gertuko bizitza-esparrukoak baino arlo orokorragokoak ukitzen dituzten gaiak.

Gai konplexuak eta abstraktuak edozein erabilera esparrutakoak: gizarte-harremanetakoak, akademikoak, lanekoak... Gaurkotasuna duten gaiak eta jendarteko aldizkarietakoak.

Testu-motak

Batez ere narratiboak (bizipenak, esperientziak, berri laburrak, ipuinak), deskribapenak, instrukzioak, azalpenak, oharrak eta afixak, eta argudio testu oso oinarrizkoak.

Errazak, egitura argia dutenak, hizkera estandarra eta jario geldoa.

Hedabideetako, eskolako eta laneko edozein testu mota, nahiz eta konplexua izan forma eta edukien aldetik, gaia ezaguna bada.

Hizkera estandarra edo estandarretik gertukoa eta jario naturala.

Edozein testu-mota, baita egitura konplexua badu ere, oso argia ez bada ere, estandarretik zerbait urruntzen bada ere, edo entzundakoetan zarata badu ere.

Edozein kanaletatik jasoa, gaia ezezaguna bada ere.

Trebetasun hartzaileak

Ideia nagusiez jabetzeko gauza da. Eta egoera ezagunetan zehaztasunez jabetzeko gai.

Informazioak esplizitua behar du.

Ideia nagusiez jabetu eta baita dedukzioak egiteko edo informazio inplizitua jasotzeko gai (esatariaren jarrera, umorea, tonua...). Zailtasunak izango ditu maiztasun urria duten hitzekin eta lokuzioekin.

Xehetasunak eta ñabardurak ulertzeko gai da: iritzi inplizituak eta esplizituak, hiztunen jarrera eta beren arteko erlazio inplizituak, esamolde idiomatikoak eta erregistro aldaketak...

Lagun arteko hizkuntza edo argota ulertzeko gai.

Hizkera estandarretik urruntzen den neurrian zailtasunak izango ditu.

Trebetasun ekoizleak

Oinarrizko deskripzioak, bizipenak, esperientziak, sentimenduak, berri laburrak, gertakizunak, ipuinak, erabilera-instrukzio errazak, prestatutako azalpen errazak...

Zehaztasuna adierazteko laguntza behar du.

Bere intereseko gai askori buruzko azalpenak, deskribapenak, kronikak, instrukzioak. Bere iritzia zuritu dezake aurkako eta aldeko argudioak emanez, edo iritzi edo arazo baten abantailak eta eragozpenak azalduz.

Azalpen argiak eta zehatzak egiteko gai da: ideiak garatu, bere ikuspegiari eusteko ideia osagarriak eta adibideak eman eta amaieran ondorio egokiak atera.

Ñabardurak adierazteko gauza da: ziurtasuna edo zalantza, konfidantza, antzekotasuna, beharra, probabilitatea, balorazioa...

Elkarreragina

Elkarrizketa arruntetan moldatzen da, nahiz eta noizbait errepikarazi solaskideari edo tentsio apur bat sortu.

Negoziazioan gai da planak negoziatzeko: zer egin, nora joan, nola egin, asmoak konparatu, adostasuna eta ez-adostasuna adierazi...

Elkar ulertzen dutela egiaztatu lezake.

Elkarrizketa bat bideratu lezake, galderak aldez aurretik prestatuta badaude.

Zehaztasunak adierazteko orduan laguntza behar du.

Lagunarteko gutunak eta oharrak idazteko gai da.

Jatorrizko hiztunekin jardun lezake arazorik gabe, solaskideengan batere tentsiorik sortu gabe.

Eztabaidan parte har lezake, bere ideiak azaldu eta besteen argudioei erantzun, hipotesiak egin...

Hiru baino solaskide gehiago direnean, eta berari zuzenean zuzentzen ez bazaizkio, zailtasunen bat izan lezake.

Negoziazioan, egoera gatazkatsu batean parte har lezake eta arazoari irtenbidea eman.

Elkarrizketak egin litzake , prestatutako gidoia utzi eta bat-batean arituz.

Gutun formalak eta kexa-gutunak idatz litzake.

Eztabaidetan erraztasun handiz ariko da solaskideen arteko erlazio konplexuez jabetuta.

Eztabaida formaletan sinesgarritasunez argudiatu, galderei eta adierazpenei egoki erantzun eta kontrako argudio konplexuei aurre egiteko gai da.

Elkarrizketetan elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile gisa aritu liteke. Eztabaidagai diren ideiak garatuko ditu, harridura hitzak erabili eta adierazi nahi dituen ñabardurak adieraziko ditu.

Estrategiak

Elkarreragina

Elkarrizketa bizirik mantentzeko gai da, nahiz eta batzuetan solaskidearen laguntza behar.

Hitza hartu eta bukatzeko gai da

Gai da hitza hartu, aritzeko eta bere jarduna amaitzeko, nahiz eta batzuetan bere jarduna eten. Zenbait esapide egin erabil litzake.

Beste solaskideak esandakoa jaso eta laburtu lezake.

Elkarrizketa bizirik mantentzeko gai da, solaskideak parte hartzera gonbidatu, berak esaten duena ulertzen diotela egiaztatu...

Gai da bere ekarpena eta besteena trebetasunez bateratzeko.

Bere ekarpenak beste solaskideenei lotu, eta elkarlanean jarduteko gai da: beste solaskideek esandakoa laburbildu, besteen parte hartzea sustatu...

Esamolde egokiak erabiltzen ditu txanda hartzeko, eta gai da solaskideen arreta mantenarazteko bere diskurtsoa eraikitzen duen bitartean.

Jarioa

Era ulergarrian hitz egiten du, baina eten nabarmenak egiten ditu gramatika eta lexikoa planifikatzeko, batez ere jardun libreetako tarte luzeetan.

Erritmo uniformean aritzeko gai da; dena dela, zalantza egin lezake esamolde edo egituren baten bila dabilenean. Eten luze gutxi egiten ditu.

Jario naturala du. Erraz jarduten da, ia batere ahaleginik egin gabe. Kontzeptu zailak adierazi nahi dituenean bakarrik galduko du jarioa.

Hizkuntza-gaitasuna

Oinarrizko morfosintaxiaren jabe da.

Oinarrizko hiztegi egokia erabiltzen du.

Zuzen aritzen da, nahiz eta akatsik egiten duen. Ama-hizkuntzaren eragin nabaria du.

Hizkuntza maila zabala du eta komunikatzeko gai da, hitzak eta esaldiak bilatzen ibili gabe. Badaki esaldi konplexuak egiten ere, tarteka.

Akats gutxi egiten ditu eta ez dira sistematikoak. Zuzenketak egiteko gai da.

Hiztegi zabala du. Sinonimoak erabiltzen ditu, baina batzuetan zalantzak izango ditu eta perifrasiak erabiliko ditu.

Baliabide ugariren jabe da eta egokiena aukeratzen du adierazi nahi duena zehaztasunez adierazteko.

Hiztegi zabala du eta esamoldeak eta ahozko beste zenbait adierazpide ere erabiltzen ditu.

Zuzentasun handia du eta akats bakanak egiten ditu eta askotan ihartuak.

Gaitasun diskurtsiboa:

Koherentzia eta kohesioa

Testu errazak sortzen ditu. Esaldi lokabeak erabiltzen ditu eta oinarrizko loturak. Elkarri lotutako ideia lineal sail bat lotzeko gauza da.

Erregistro bakarrean arituko da.

Diskurtso argia eta koherentea egiteko gai da. Kohesio-mekanismo sail mugatua erabiliko du. Mintzaldia luzea denean, urduritasuna erakutsi lezake . Puntuazio-zeinuak erabiliko ditu.

Testu argiak, arinak eta ondo josiak egiten ditu. Testu baliabideak egoki erabiltzen ditu: lokailuak, erreferentzia mekanismoak eta beste zenbait antolatzaile.

Ideiak behar bezala garatzen ditu.

Gaitasun soziolinguistikoa

Eguneroko hizkuntza-funtzioak betetzeko gai da eta kortesiazko arauak betetzen ditu: gutunen buruak, agurrak…

Ama-hizkuntzaren eragin nabaria du.

Erregistro formala eta informala erabiliko ditu, egoeraren arabera.

Esamolde eta lokuzio ugari ezagutzen ditu. Erregistro batean baino gehiagotan aritzeko gai da, oso muturrekoa ez bada.( sentimenduak adierazi, txantxetan jardun, maitasun-hitzak esan...)

Komunikazio estrategiak

Hitza falta bazaio, beste era batera esaten ahaleginduko da, nahiz eta batzuetan ama-hizkuntzara jo.

Esan nahi duena zuzentzen du, solaskideak horrela eskatzen badio.

Jarduna eten eta berriro hasteko gauza da.

Gai da egoerari egokitzeko, hutsuneak bete ahal izateko parafraseatzeko eta egindako akatsak bat-batean zuzentzeko, solaskideak ezer esan gabe. Solaskideak ez diola ulertu ohartzen bada, gai da esandakoa birformulatzeko eta beste era batera esan edo esandakoa argitzeko.

Hartzaileak aintzat hartzen ditu eta bere jarduna egokitu. Zenbait ideia konplexu bestela esateko, argitzeko, berresateko... gai da.

Naturaltasun osoz betetzen ditu hutsuneak: parafrasiez eta bestelako betegarriez.

Inork esan gabe ohartzen da ulertzen ez badiote, eta berreraikitzen du bere diskurtsoa.

Orain arte esandakoak dira ebaluazioaren munduan aurrerantzean izango ditugun joko-arauak, hauek zelaiaren neurriak. Gure lana izango da joko neurri hauetara, Europako hots, soinu eta haize berrietara moldatzen ikastea. Ekinaz ezina egina dio esaera zaharrak. Ekinak jarriko gaitu gu ere Europako zelaiaren neurrira.

No hay comentarios:

 
Creative Commons License
Esta obra está bajo una licencia de Creative Commons.